XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bost minutu daramatzite horretan.

Izan ere, bost minutu lehenago jaiotzen da urte berria Ekidazun.

Lanera, trenera, elizara, jolasera..., edonora garaiz heltzeko, bost minutu aurreago ibiltzen dira hemengo erlojurik gehienak.

Nirea ez, ez bai dut erlojurik.

Erlojua? Zertarako? Ekidazuko argiaren argitan eta ilunaren ilunetan bizi naiz ni, izadiaren erloju uts-ezinaren argitan eta ilunetan.

Ekidazu irakiten dago gaur.

Janariaren eta edariaren eta adiskidetasunaren eta poztasunaren suak piztu egin ditu ekidazuarren bihotzak.

Ekidazu irakiten dago gaur, pozaren pozez.

Baina kezkak, tristurak, elkar ikusi-ezinak, gorrotoak eta era askotariko erdiminak ere hantxe dagoz, pozaren borbor biziaren muinean, bigundu barik, egosi barik oraindino.

Olazaharko Koldoren oinetan dagoen katarrak, ostera, ez du erdiminik, ez gorrotorik, ez...; katuen zeruan dago, erdi lotan, adimen gabeko askatasunezko zeruan.

Erdi lotan dago Olazaharko familia ere, sukaldean, telebisioa ikusten.

Ez du jolaserako gogorik, antza.

-¡Viva 1968! - irakurtzen du Klaudiok telebisioan, ezpain erorian zintzilik duen txokor mutxikinari dantzan eraginez.

Ekidazuko familiarik zaharrenetakoa da Olazaharkoa.